Kurtsoak eta beste jarduerak
Kurtsoen eta beste jardueren edukiak zehaztuko ditut atal honetan. Hiru sailetan banatzen dira: kurtsoak, ikastaroak eta elkarte jarduerak.
1 Euskara talde kurtsoak
1.1 Euskarri nagusia: IKASBIDE
Europako Erreferentzia Markoan oinarritzen den IKASBIDE metodoa dugu progresioaren ardatz.
Taldean erabiltzeko asmatua da.
Entzungaiak badira; ikasleek etxen nahi bezainbat entzuten ahal dituzte bereziki kurtso bat huts eginez geroz.
Nork bere aitzinamendua neur dezake liburuko auto-ebaluazioen bidez.
Iparraldeko gaur egungo euskararen lantzea proposatzen du.
Iparraldeko mintzaira dugu lehenesten kurtsoetan. Maila eta beharren arabera beste euskalkiak ere aipatzen ditugu.
Euskaltzaindiaren gomendioak jarraitzen ditugu.
Kurtso denbora ahozko adierazpenean trebatzeko begiratzen dugu.
Kasik aldi guziez ikasleei etxeko lan baten egitea galdegiten zaie. Lan hori funtsezkoa da aitzinatzeko.
1.2 Malgutasuna
Metodotik kanpoko gai baten sakontzea gertatzen zaigu: eskaera bati erantzuteko, azken berrien aipatzeko edo arinkiago bukatzeko opor aitzineko kurtsoa. Gehigarriak kultur gaiak, kantuak edo jokoak izan daitezke.
Kurtso hasieran, puntua egiten dugu: azken kurtsoan ikusi duguna ongi ulertua den, ikasleei galderarik bururatu zaien, hizkuntza ingurunean zerbaiti ohartu diren, edo beste…
1.3 Irakasle eta ikasleen arteko lan harremanak
Kurtsotik landa, mezu elektroniko bat igortzen dut egin dugunaren laburbiltzeko eta etxeko lanen zehazteko. Gutun elektroniko horietan emeki emeki frantsesetik euskarara lerratzen naiz. Laugarren urtean euskara hutsean igortzen ditut. Aitzinatu arau, klasean landu nozioak sartzen ditut. Horrela ikusten dut zertan diren ikasleak. Argitasun gehiagoren beharretan izanez geroz, ikasleen galdeen araberako azalpenak ekartzen ditut ondoko kurtsoan.
Urte bukaeran, puntu bat egiten dut ikasle bakoitzarekin, jakiteko nola bizi izan duen ikasturtea bai irakaspenen aldetik, bai harremanei buruz, eta zer hobetzen ahal den.
2 Ikastaroak
Ikastaroak antolatzen ditut metodotik kanpo, mintzamenaren bultzatzeko.
Jarduera jostagarrien bidez dugu ahozko adierazpena lantzen. Guti aski delako mintzatzen hasteko, elkar lagunduz eta giro onean iragaten dira.
Maila apala izatea ez da trabagarri: gramatika nozioen ezagutzea ez da beharrezkoa.
Euskararen logika barnetik ikertzen baldin bada, erraza da. Aski da galdetzaileetatik abiatzea erranaldiaren egitura agertzeko. Bakan ditugu frantses gramatikako hitzak erabiltzen, ez direlako ez egokiak ez beharrezkoak euskararen lantzeko.
Eguerditan elkarrekin bazkaltzen gara (nahi dutenekin), euskaraz segitzeko parada baita.
3 Elkarte jarduerak
3.1 Kurtsoez gain
Ikasten dutenentzat dira.
Kurtsoetatik kanpo usu jarduera baten inguruan biltzen gara euskaraz kantatzeko, dantzan aritzeko, lotoan jostatzeko, bisita zenbaiten egiteko… Hainbat parada euskara eta euskal kulturaren uztartzeko. Eta bistan da, trago edo kafe baten inguruan baldin bada hainbat hobe!
3.2 Sentsibilize saioak
Ez ditut baitezpada ikasleentzat antolatzen. Oren bat eta bi orenen arteko saioak eskaintzen ditugu.
Saio hauetan euskara gaika landuko da.
Deus edo guti dakitenentzat, euskararen jakin-mina eta gustuaren pizteko proposamen zenbait eskaintzen ditut, adibidez:
Zenbakiak euskaraz!
15 hitz aski dira euskaraz 1000 eta gehiagoraino kontatzeko. Eskema bati esker, zenbaki hitzen egitura sinpleki erakusten dut. Lehen zenbakiak elkarrekin osatzen ditugu et laster joko bilakatzen zaigu. Parte hartzaileek ezagutza berri hori zernahitarako erabil dezakete: erosketen egiteko, bestetan manatzeko, ordaintzeko edo saltzeko.
Irakurketa euskaraz!
Euskaraz irakurtzea erraza da. Lan saio honetan ahoskera lantzen dugu. Parte hartzaileek idatzizko hatz bat atxikiko dute saiotik kanpo baliatzeko: ipuinen irakurtzen trebatuko dira edo euskal kantuak emanez!
Euskarari ohartu!
Gure ingurunean euskarazko idazkiak ugari dira. Parte hartzaileek proposatzen dituzten hitzetatik hasiko gara: euskarazkoak iduri zaizkienak, merkataritzako marka izenak barne. Ondotik elkarrekin azalduko eta ikertuko ditugu. Lan saio horrek euskal hitzen erro eta atzizki batzuen aipatzera eramanen gaitu. Bukaeran, aztertu dugunetik abiatuz, parte hartzaileek hitz-elkarketa berriak proposatzen ahalko dituzte.
Saio hauek euskarara erakartzea dute xede.
Irakurketa jarraitzeko,
Harrera
Nori zuzenduak diren
Nork edo nor garen
Noiz eta non iragaiten diren
Nola egin parte hartzeko
Harremanetan sartzeko