Nori zuzenduak
Jarduera bakoitza nori zuzentzen zaion azalduko dizuet hemen.
1 Talde kurtsoak
Kurtsoak maila bat baino gehiagotan ematen ditut: euskara lantzen hasi nahi dutenei hiztun bilakatu arte. Elkarrizketa bat burutik buru euskaraz atxikitzea dugu helburu.
Kurtsoak beharren edota eskaeren arabera egokitzen ahal ditut. Hona adibide zenbait:
1.1 Nekez mintzo direnei
Anitz dira gure artean euskara arras ongi ulertzen dutenak baina mintzatzeko uzkur direnak. Uste baino gehiago badakite. Hizkuntzaren ibilmoldea baizik ez zaie falta beren buruen zuzentzeko eta mintzatzera ausartzeko. Frantses gramatika erabili gabe, dakitenetik abiatuz, eta galdetzaileen bidez ulertuko dute.
1.2 Euskaraz aise mintzo baina nekez irakurtzen dutenei
Guti falta zaie irakurtzeko gai bilakatzeko. Urte bat egiten bagenu idazkietatik abiatuz (prentsa, eleberri bat…), eta ondotik solasaldira zabalduz?
Prentsaren bidez, edo beste euskarri edo alor batetik abiatzen ahal gara, ikasleen gustuen arabera. Alabaina, aiseago trebatzen gara gustatzen zaiguna landuz.
2 Ikastaroak
Ez dira kurtsoak hartzen direnei mugatuak baizik eta pixka bat mintzatzen direnei, nekez baldin bada ere. Ahozko adierazpenaren erraztea dute helburu. Gauza sinpleenetatik abiatuz aitzinatzen gara. Euskaraz aski ongi hitz egiten baduzu, ez da zuretzat izanen.
Dudan bazaude edo bien artean, atrebi zaitez deitzera eta elkarrekin ikusiko dugu zuretzat baliagarri litzatekeenetz.
3 Elkarte jarduerak
Elkarteak proposatzen dituen jarduera batzuk kurtsoak hartzen dituztenentzat dira eta besteak euskal kulturaren jakin-mina daukaten guzientzat.
3.1 Kurtsoez gain
Ikasleen inguruan kultur ingurunearen sortzeko eta garatzeko xedearekin antolatzen dira. Ahal bezainbat euskaraz egiten ditugu kurtsoetan ikasia testuinguru zabalago batean biziarazteko.
Adibidez, Zarautzera joan ginelarik, merkatuan erosketak egin genituen. Arratsaldean aro txarrarengatik museoa bisitatu genuen. Arratsa Txakoli eta pintxoekin luzatu genuen ostatuan kantuz (azpiko argazkia). Biharamunean, batzuk euskal dantzetan ari izan ziren, besteak kostaldetik Getariara joan ziren eta han elkarrekin bazkaldu ginen. Bukatzeko, zenbait pilotan ari izan ziren.
3.2 Sentsibilizatzeak
Saio hauek ez dira baitezpada ikasleei zuzenduak. Elealdi elkarteak publiko ezberdinei proposatzen ditu: erdaldunei baita ere euskara guti dakitenei.
Zenbakiak euskaraz!
Zenbakiak egunerokoan erabiltzen dituzten guziei zuzendua zaie, saltzaile eta erosleetatik haste.
Irakurketa euskaraz!
Lan saio hau gauzatuz, gurasoei pentsatu dut, haurrei istorioak euskaraz irakurtzera mentura daitezen. Kantu taldeentzat ere aberasgarria daiteke baina ez baizik.
Ingurumenari ohartu!
Lan saio hau nornahirekin egin dezaket, hizkuntzaren jakin-mina duen ber!
Saio hau obratuz ohartu naiz euskaraz alfabetatuak ez zirenek ere interes handia erakutsi dutela.
Komunikazio behar eta asmoak kontuan hartuz, saio hauek publiko ezberdinei egoki ditzaket.
Irakurketa jarraitzeko,
Harrera
Zer: kurtsoak eta jarduerak
Nork edo nor garen
Noiz eta non iragaiten diren
Nola egin parte hartzeko
Harremanetan sartzeko